XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Pertsonen aurkako lurreko minak guztiz debekatzeari buruzkoa, Izquierda Unida/Ezker Batua/Berdeak Legebiltzar Taldeak egina. (Tramitera onartzea) (05/11.02.01.0218)

Mahaiak, 1997ko azaroaren 25ean egindako bilkuran, erabaki du tramitera onartzea pertsonen aurkako lurreko minak guztiz debekatzeari buruzko LEGEZ BESTEKO PROPOSAMENA, osoko bilkuran eztabaidatua izan dadin, eta agindu du Eusko Jaurlaritzari bidal dakiola eta Eusko Legebiltzarraren Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

Legebiltzar-taldeek, Araudiko 160.2 artikuluaren arabera, bidezko iritzitako zuzenketak aurkeztu ahal izango dituzte, zazpi laneguneko epearen barruan, arrazoiak biltzen dituen idazkia Mahaiari bidaliz.

Eusko Legebiltzarreko lehendakaria, Joseba Andoni Leizaola Azpiazu.

Eusko Legebiltzarreko Mahaiari

Eusko Legebiltzarraren Araudiaz baliatuz, Juantxo Domínguez López Izquierda Unida/Ezker Batua/Berdeak Taldeko parlamentarioak ohore du ondorengo legez besteko proposamena aurkeztea, osoko bilkuran eztabaidatua izan dadin, pertsonen aurkako lurreko minak guztiz debekatzeari buruz.

Arrazoiak:

Joan den irailean, Oslon, Pertsonen Aurkako Lurreko Minak Guztiz Debekatzeko Itunari buruzko Konferentzia Diplomatikoa egin zen.

Esaniko foroan adostutako testuak erabateko debekua ezarri zuen pertsonen aurkako edonolako minentzat eta daitezkeen zirkunstantzia guztietan.

Goraipatu beharrekoa da, hain zuzen ere, ezein zuzenketarik ez onartu izana pertsonen aurkako minaren definizioa aldatzeko.

Hori gertatzera, salbuespenak izateko bide emango zuen mina horien erabilerari dagokionez edota ituna egiaz indarrean hastea gibelaraziko zuen.

Kanpaina bultzatu duten GKEtakoek, bai era bateko eta besteko erakunde bakezale, ekologista eta alternatiboetakoek ere, poztasunez hartu dute Estatuko Gobernuak erabaki izana ituna sinatzea hurrengo abenduan Ottawan.

Izquierda Unida/Ezker Batua/Berdeak Taldeak azpimarratu egin nahi du beharrezkoa dela Espainiako Estatuak ituna berehala berrestea, hori egiteak argi eta garbi adieraziko bailuke nazioarteko erkidegoaren aurrean gure herriak pertsonen aurkako minak berehala guztiz kentzearekin duen konpromisua eta, halaber, dudak oro barreiatuko bailituzke konpromisu horren irmotasunari buruz, Espainiako diplomaziak Osloko negoziazioetan hartutako jokabideak eragin zuen jarrera harrigarriaren ondoren bereziki.

1997ko otsailaren 25ean, Diputatuen Kongresuan, aho batez, legez besteko proposamen bat onetsi zuten, Espainiako Gobernuari eskatzen ziona, hain zuzen ere, luzamendu gehiagorik gabe minak osoro debekatzeko lege-proiektu bat aurkez zezala.

Proposamen horren edukia bateragarria da Oslon adostutako testuarekin, Espainiako Gobernuak jendaurrean lotu baitu bere burua hura Ottawan berrestera.

Orain hurrena agertutako datuen arabera, esan daiteke Espainiako Armadak, gutxi gorabehera, 600.000 alez osaturiko mina-stocka daukala. Kontuan hartzen baldin badugu zenbait herrialdek stockak suntsitzen aurretik egindakoa (Estatu Batuek, esate batera, 1,1 milioi mina suntsitu zituzten urtebete baino gutxiagoan eta Hego Afrikak, arratsalde bakarrean, 350.000 mina deuseztatu zituen), Izquierda Unida/Ezker Batua/Berdeak Taldeak uste du urtebeteko epea zentzuzko denbora dela Estatuko Gobernuak dauzkan mina guztien suntsiketa aurrera eraman eta buka dezan.

Inondik ere, ez dago ez oztopo teknikorik eta ez ekonomikorik, ez itunak aurreikusitako denbora agortzera behartzen duenik, ezta itun hori indarrean hasi bitartean itxarotera behartzen duenik ere, are gehiago herritarren eskari sendoa dagoela, besteak beste Euskadiko zenbait GKE eta talde bakezalerena, Espainiako Gobernua oraintxe has dadin stock horiek suntsitzen.

Minek eragindako uka ezinezko giza hondamendiaz mundu guzti-guztian den ardura berria dela-eta, gero eta beharrezkoagoa da presako neurriak hartzea artefaktu makur horiek berehalaxe ezereztu daitezen; esan dezagun, bide batez, horietako asko hemen, Euskadin, Expal enpresak eginak direla.

Pertsonen aurkako minen kontrako kanpainak Bakearen Nobel Saria bereganatua du berriki, halatan muga zein ideologien gainetik egiten duen lana aintzakotzat hartuz.

Horregatik guztiagatik, Eusko Legebiltzarrak bere babesa eman beharra dauka negozio anker honi gogor egitea helburu duten ekimen guztiei, bada gure herria ez dago izukeriatik aparte, izan ere Legebiltzar honetatik oso urruti ez dauden inguru batzuetatik heriozko tresnatzar horiek bidaltzen baitira gerrate lotsagarri eta amaigabeetan dauden herrialdeetara.

LEGEZ BESTEKO PROPOSAMENA

1.- Eusko Legebiltzarrak Espainiako Estatuko Gobernuari eskatzen dio ezen, Pertsonen Aurkako Lurreko Minak Guztiz Debekatzeko Nazioarteko Itunari dagokionez, luzamendu gehiagorik gabe minak debekatzeko legea aurkez dezala Diputatuen Kongresuan, otsailaren 25ean Parlamentuak hartutako erabakia betez, erabaki horretan aipatzen diren pertsonaren aurkako ondoriodun arma-klase guztiak barne.

2.- Eusko Legebiltzarrak Espainiako Estatuko Gobernuari eskatzen dio sina dezala Ottawan Oslon erabakitako testua eta berehalakoan berretsi dezala Pertsonen Aurkako Lurreko Minak Guztiz Debekatzeko Nazioarteko Ituna.

3.- Eusko Legebiltzarrak Espainiako Estatuko Gobernuari eskatzen dio pertsonen aurkako mina guztiak, arrazakeriazko bonbak eta antzeko ondorioak dituzten armak gehienez ere urtebeteko epean deusezta ditzala, itunean zehaztutako lau urteko epea agortu gabe eta itun hori indarrean jarri arte itxaron gabe.

Vitoria-Gasteiz, 1997ko azaroak 18.

Juantxo Domínguez López, IU/EB/Berdeak Taldeko parlamentarioa. Javier Madrazo Lavín, bozeramailea.